| bitxikeriak | ![]() |
| Euskal pilota: XIX. mendeko "nobedadea". z
dago dudarik pilota dela euskal kirol/joko nagusia, bai bertakoentzat,
bai kanpokoentzat ere. Baina hain euskalduna den pilota ez da Euskal
Herrian sortua. Egia esan, materiala, pisua eta tamaina edozein direla
ere, jostailu esferikoak kultur guztietan ezagutzen dira. Orain euskal
pilota esaten dugun jokoen jatorria, ordea, beste herrialdeetan dago,
batez ere Frantzian. Pilotan jokatzeko eraikin bereziak prestatzen ziren
hiri handi eta txikietan. Adibidez, Frantziako Iraultzaren hasieratzat
hartzen den ekitaldi inportante bat, burgesiaren ordezkariak bildu eta
Frantziari Konstituzio politiko berri bat eman arte handik ez ateratzeko
zina, Jeu de paume,
hau da, eskuz jokatzeko eraikinean egin zen. Hain zuzen, XVIII. mendean Frantzian pilota gainbeheran zegoenean, Euskal Herrian indartzen ari zen. 1755ean, lau gipuzkoar Cartagenaraino (Murtzia) joan ziren Espainian aurki zitezkeen pilotari onenen aurka jokatzera, baita irabazi ere. Ez zen pilota behe mailako joko herrikoitzat hartzen. 1834an, Lesakan Don Carlos Erregegaiaren omenezko agerraldietan, inguruko jokalari onenek jokatutako pilota partida antolatu zioten. Partidu, pilotari eta jokatzeko era berriei buruzko berriak gero eta ugariagoak dira. Bleka, hau da, paretaren kontra joz, garai honetan hasi zen jokatzen. Gaur egun ez dugu euskal herririk imajinatzen frontoirik gabe, baina hori XIX.eko inbento bat da, orduan ere bere kritikak izan zituena. Lehendabiziko paretak pilotalekuak ixteko altxatu ziren, ez jokoaren parte gisa. Izan ere, paretaren kontra aritzea umeen kontua izaten zen, helduek espazio zabala okupatzen zuten bitartean. Gero, kautxozko pilota dinamikoagoak ugaldu ahala, atzeko pareta hura erabiltzen hasi ziren, kontrako taldekideen jokoa zailtzeko asmoz. Poliki poliki, eta ez protestarik gabe, pareta joko-arauetan ametitzen da, eta modalidade berriak sortzen, kanpoko zaharragoetatik eboluzionatuz. Eboluzioak etengabe segitu zuen: hasieran eskularruak eskua babestu beste funtziorik ez zuen; gero eskularrua luzatu eta pilota jasotzetik pilota irristatzera pasa zen; gero, pilota irristatzetik "atxikitzera" ; gero larrutik xistera arinago eta merkeagora, eta abar. Noski, aldaketa hauek guztiak ez ziren egin kontrako erreakziorik gabe, eta askotan aldaketak joko zikintzat hartzen ziren. Pilotak XIX.ean euskaldunen
artean guztiz bertakotua zela hobekien adierazten duen kasua, beharbada,
Irunen 1846eko abuztuaren
9an jokatutako partidua da. Jokoa errebotea zen, jatorriz kanpokoa,
baina bertan garatua, pareta ere sartzen du eta. Jokalariak, noski,
ez ziren profesionalak, bata itzaina zen, bestea apaiza, bestea kontrabandista,
bestea errotaria... Hori bai, diru asko jokatzen zuten, pilotariek
zein haien jarraitzaileek. Partidu hartan orduko jokalaririk puntakoenak,
"Gaskoinak" parte hartu zuen. Gratien Adema apaiz idazleak hala deskribatu
zuen partidu hartako giroa: Nola ez, lapurtar irabazleak
goraipatzeko bertsoak ere izan ziren. Interesgarriena, ordea, pilotari
buruzko lehen kronika partidu honena izan zela, Frantzia iparraldeko
"Journal du Havre"-n agertua. Euskal pilota irabazten ari zen ospearen
seinale. |
| |
| |
| |
| Muxika egurastokia 6. 20216 Ormaiztegi (Gipuzkoa) Tf: + 34 943 88 99 00 Fax:+34 943 88 01 38 mzumalakarregi@gipuzkoa.net |
| |
| |