| bitxikeriak | ![]() |
| Iraultzaren kontraesanak:
errito zibilez ehortzitako fraide katoliko bat. Juan Antonio Olabarrieta frantziskotar bizkaitarra Mungian jaio zen 1763an. Arantzazuko komentuan ikasi eta gero, 1791an Ameriketara joan zen. Perun kazetari ibili zen, Diario de Liman lehenik, eta berak fundatutako Semanario Críticon ondoren. Oraindik katoliko, baina ohituren erreformatzaile agertzen da. Mexikon, Axuhitlán-en parroko zela, Homo Brutus idatzi zuen, eta ateo, materialista eta deistaz akusaturik, Inkisizioak preso sartu zuen. Handik ihes eginda, merkatari gisa jardun zuen Londres, Paris, New Orleansen... 1810ean, berriz, Lisboan sendagile. Garaiko testu batek dioenez, latina bazekien eta hizkuntz desberdinetan hitz egiten zuen filosofiaz, hidroterapiaz eta modaz. Mapamundi erdia korritua zuen. Bazekien animaliak disekatzen, erlojuak konpontzen, oinetako nigua izeneko xomorroak ateratzen eta berak Michoacánen aurkitutako landare batez hidropesia sendatzen. Artobizar ura eta erruda egosia errezetatzen zituen. Lau andre izan zituen, Josefa, Joaquina, Clara eta Rosa, eta haiengandik hartu zuen idatzi gehienak firmatzeko ezizena, José Joaquín de Clara Rosa. Ez zuen benetako izena estaltzeko asmoa, eskandalizatzekoa baizik. Iraultzaile amorratua zen, batez ere Inkisizioa eta Elizaren kontra ziharduena. Ez zion, haatik, erlijioari uko egin. Hasierako kristauen bertuteak defenditzen zituen: Jesukristoren hitza interpretatzeko askatasuna, hierarkiarik gabeko berdintasuna eta kristau guztien arteko anaitasuna, alegia Frantziako Iraultzaren Liberté, Egalité, Fraternité. Ideiak ezezik idazkera zuen eskandalagarria, eta horrek etsai ugari erakarri zizkion, baita liberalengandik ere. Hain zuzen Cádiz
hiri liberaleko gartzelan hil zen 1822an, Gobernu liberala moderatuegia
zelakoan haren kontra konspiratzen ari omen zen eta. Ez dago garbi berez
edo pozoinduta hil zen, eta hala izatekotan, etsaiek edo ustezko lagunek
pozoindu zuten, salaketen beldurrez. Kontua da ehorzketa bizitza bezalakoa
izan zuela, eskandalu hutsa. Hil hurren zegoela, ez zuen ondoan ametitu
apaiz edo fraiderik, eta testamenduan katoliko guztiek egiten zuten fede
aitorpena urratu zuen, txorakeriarik ez jartzeko esanez. Hiletetan ez habitorik,
ez gurutzerik, ez himno erlijiosorik, ez elizarik; horren ordez sinbolo
zibilak eskatu zituen:
Hau da, guk dakigula, errito
zibilez lurperatutako lehen euskalduna. Fraidea izanagatik, Eliza hankaz
gora jarri nahi zuen bere idazkien bidez. Halarik ere, sermoilari kutsua
ez zuen behin ere galdu, euskaraz idatzi zuen gauza bakarra, bere testu
bat bukatzeko idatzi ere, euskal apaizek sermoia bukatzeko erabili ohi
zuten formula bera izan baitzuen gogoko:
agur, nere adisquideac.
|
|
|
|
|
|
|
|
Muxika egurastokia 6. 20216 Ormaiztegi (Gipuzkoa) Tf: + 34 943 88 99 00 Fax:+34 943 88 01 38 mzumalakarregi@kultura.gipuzkoa.net |
|
|
|
|