bitxikeriak
    ZUMALAKARREGI MUSEOA

     
    1841eko Ostegun Santuko animen agerpena.

    Gertaera mitiko bat historikoki dokumentatua.

    1841eko apirilaren 8an, Ostegun Santuan, Bizkaiko Mendebaldean dauden Enkarterrietako Sopuertako Las Muñecas herrixkan gertaera miragarria gertatu zitzaion Nicolás de Palacio baserritarrari, mendian behi galdu baten bila zebilenean: anima asko eta asko agertu zitzaizkion. Anima hauek ez ziren parte txarrekoak. Ongi zeuden itxuraz eta soinekoz, irrifartsu begiratzen zioten, baita batek aurpegia laztandu ere. Animen artean ezagunak eta senideak bazituen. Zer nahi zuten galdetuta, gehienek Zeruan sartu ahal izateko mezak eskatu zizkioten. Baten batek aholkurik ere eman zion: ordura arte bezala bizitzeko eta mihi gaiztoei kargu egiteko. Beste batzuek agurtu, bere jarrera zintzoagatik zoriondu... Esan ere esan zioten Ostegun Santua zelako pozik zeudela, egun hartan 300 urteko indulgentziak irabazten zirela.

    Nicolás de Palaciok agindutakoa bete zuen: animen senideei abisua eman zien, animek nahi zuten tokian nahi zituzten mezak esatea, kandelak piztea edo limosnak ematea kunpli zedin. 22 egunen buruan, lehenengo agerpenaren toki inguruan zebilela, 5 anima agertu zitzaizkion, agindutakoak zehatzago egiteko eskatuz: halako meza halako elizan eman behar zela, eta abar. Areago, Ignacio Martínez zenak errieta egin zion: berak esana abisatua ziela senideei, baina hauek kasurik egin ez, eta bere errua zela. Nicolás de Palacio kexu azaldu zitzaion, idatzita eman izan balio, errazago zukeela, baina hura esan orduko animak desagertu egin ziren.

    Hau guztia egia den gezurra den, Museoan ez dakigu, baina hala kontatu zion Nicolás de Palaciok Montellanoko apaiz Jose Maria Sagarminagari, egia hutsa zela zin eginez. Toki eta data zehatz batean izen-deituraz dokumentatutako pertsona bati gertatua bada, historikotzat jo behar da, gezurra kontatu zuela esateko bederen. Gezur hitza ere ez da egokia gaur egun sinestezina iruditzen zaiguna aztertzeko:  errealitate mitikoa ez dator bat errealitate historikoarekin, baina horrek ez du esan nahi jende arruntak bereizten dituenik. 

    Euskal mitologiaz zer edo zer dakienarentzat, edo etxean ahoz belarrirako tradizioaz kontu zaharrak jaso dituenarentzat, badira gertaera historiko honetan elementu ezagun batzuk. Hasteko, esan beharra dago anima erratuen kontuak Europa osoko –mundu osoko ez esatearren- erlijioetan ez ezik folklore eta literaturetan ezagutzen direla. Bi motako animak izaten dira: parte txarrekoak -betiko kondenatuak baina kastigoa infernuan bete beharrean munduan barrena anima erratu gisa ibili behar dutenak- arriskutsuak dira oso, eta hobe haiekin topo egiten ez bada; bigarrenak Purgatorioko animak dira, munduko zorrak kitatu gabe utzi eta bitartean laguntza eske ibili behar dutenak. Ostegun Santua edo Domusaindu oso egun aproposak omen dira halakoak agertzeko. Bermeon diotenez, Gaztelugatxeko bidean animak agertzea ez omen da arraroa. Susto galanta ematen badute ere, esker onekoak izaten dira, eta Zeruratu baino lehen, eskerrak ematen dizkiote laguntzaileari. Kasu orduan, bostekoa luzatu eta eskua erre dezakete eta. Onena eskua zapi batean biltzea da, eta zapian geratuko da esku errearen forma. Horregatik, harrigarria da anima batek aurpegia laztandu zioneko pasadizoa.

    Badira, ordea, gertaera honetan bestelako zantzoak: mito askok jasotzen dutenez, Ostegun Santuan eguerditik aurrera lan egitea oso gaizki ikusia zegoen, eta beharbada horixe zuritu nahi zuen Nicolásek. Abere galdu baten bila joatearena askotan agertzen da euskal mitologian, halako gertaera baten aurrekin gisa, "beste aldekoen" espazio edo garaian eginez gero, gauez, basoan, lainopean, leizezuloetan, hilerrietan edo Elizak lanik ez egiteko agindutako egunetan. Animen enkarguak maiz hiru eliza desberdinetan kunplitu beharra oso gauza normala zen, edo da, animekin, pelegrinazioekin, eskaerekin eta halakoekin. Hortaz, gertaera historiko hau kontestu mitiko batean azalduz gero, hobeto ulertzen da bere garrantzia, eta jendeak benetan gertatutakotzat jotzea.

    Lehenengo Karlistada bukatu berria zegoen urte haietan naturaz gaindiko gertaerak egunerokotasunean txertatzen ziren, baserritar giroan ez ezik goi mailako politikagintzan ere: Don Karlos Tronuragaiak, adibidez, Doloreetako Ama Generalísima de todos los ejércitos izendatua zuen.

    Isabel erregina ez zen sinismen gutxiagokoa. 1835ean, gerra puri purian zegoela, Madrilen zurrumurrua zabaldu zen  Sor María Rafaela de los Dolores y Patrocinio izeneko moja bati llagak irekitzen zitzaizkiola, Jesukristori bezala.k Nuestra Señora del Olvido, del Triunfo y de las Misericordias Amabirjinaren irudi miragarri bat zeukala zioen, berak asmatutako debozioa berau. Mª Cristina erregentea emakume gaiztoa zela eta beraz bere alaba ezin zela erregina izan esaten zuenez, Madriletik bota zuen Gobernu liberalak. Baina gerra bukatuta Madrilera itzuli eta eragin handia izan zuen bai Isabel erreginarengan bai bere senarrarengan, llagena eta orakuluena asmatua zela jakin arren. Liberal progresistek ziotenez berak gobernatzen zuen Espainia.

    Garizuman gaudenez, ez dago soberan gogora ekartzea Las Muñecasko animen agerpen hura, Zumalakarregiren garaian zabaldua zegoen pentsamoldea, gugandik oso urrun dagoena, pixka bat hobeto ulertzeko. 

    Gai honi buruz zer esana baldin baduzu, bidal iezaguzu.
    artxiboa
    M u s e o - Z u m a l a k a r r e g i - M u s e o a
    Muxika egurastokia 6. 20216 Ormaiztegi (Gipuzkoa)
    Tf: + 34 943 88 99 00
    Fax:+34 943 88 01 38
    Posta  |  Correo  |  Poste  |  Mail
    mzumalakarregi@kultura.gipuzkoa.net
    home / aurkezpena  / artxibo digitala  /  jokoak  / erakusketa birtuala